Lehiaketaren oinarriak

«ZUK EZ DUZU ORDEZKORIK» BIGARREN LEHIAKETAREN OINARRIAK. 2018-2019 IKASTURTEA.

«Zuk ez duzu ordezkorik» lehiaketak, Trafiko Zuzendaritzaren Euskadiko unibertsitateaz kanpoko gazteei zuzendutako Don’t be Dummy izeneko programa ibiltariarekin lotura du.

«Zuk ez duzu ordezkorik» lehiaketaren bidez, Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak bilatzen duena zera da:

  • Gazteen artean trafiko-istripuak prebenitzea.
  • Mugikortasun seguru eta jasangarriko aukerak sustatzea.

Lehiaketan parte hartzen duten proiektuek bide-portaera seguruekiko eta mugikortasun jasangarriko ohiturekiko konpromiso pertsonala eta/edo kolektiboa erakutsi behar dute.

Mezuaren kalitatea aintzat hartuko da kalitate teknikoaren edo artistikoaren gainetik.

Ba al dakizu gaztea izateagatik trafiko-istripuekin lotutako arrisku-talde batean zaudela?

Bai, datuek hori erakusten dute. 2017an, guztira 25 urte baino gutxiagoko 2.428 gazte egon ziren trafiko-istripuren batean nahasita Euskadin. Estatuan, estatistika beldurgarria da: astero hiru gazte hiltzen dira trafiko-istripuetan.

Gidabaimenaren lehen urteetako esperientzia-falta normalari adin horien berezko faktore batzuk gehitzen zaizkio: gure lagun-taldeak presioa egin diezaguke eta seguruak ez diren erabakiak hartzeko baldintzatu. Halaber, beldur gutxiago dugu, guztia egiteko gai garela uste dugu eta arriskua dugu gustuko. Koktel horri errepidea gehitzen badiogu, hilgarria izan daiteke.

Era berean, ohikoa da gazteek eta helduek alkohola kontsumitzea. Kontsumo horri beste droga batzuena ere gehitzen ari zaio. Baina, gainera, litekeena da zuk beste arrisku batzuk ere hartzea. Gidatu bitartean testu-mezu bat bidaltzeak, adibidez, 23 aldiz biderkatzen du istripu larria izateko arriskua. Datu hori oso kezkagarria da, kontuan hartuta gazteen % 43k WhatsApp aplikazioa erabiltzen duela gidatu bitartean.

«Zuk ez duzu ordezkorik» lehiaketak errepideko arriskuei buruz kontzientziatu nahi ditu gidari berriak, baita ibilgailu motordun bat laster gidatuko duten pertsonak edo lagunen ondoan bidaiatzen duten laguntzaileak ere.

Bizikletak, monopatinak, autoak... Kolperen bat hartzen edo istripua izaten dutenean, baliteke piezaren bat besteren batekin ordeztuta berriro funtzionatu ahal izatea.

Kaleak eta errepideak... Horietan istripuak gertatzen direnean, bideak garbitu daitezke eta elementuetako batzuk aldatu hesiak, seinaleak...).

Baina zuk, oinezkoa, gidaria ala laguntzailea izan, ez duzu ordezkorik.

Zuk ez duzu ordezkorik. Hori da mezua. Identifikatu ikusten dituzun bide-arriskuko egoerak edo inoiz bizi izan dituzunak, eta proposatu horiei aurre egiteko irtenbide bat bideoan edo audioan. Modu seguruan mugitzea, modu jasangarrian mugitzea, gidatzearen ordezko beste aukera batzuk... Zuk erabakitzen duzu zer kontatu nahi duzun. Pentsatu istorio bat eta bideoaren edo audioaren bukaeran mezu hau gehitu: «Zuk ez duzu ordezkorik». Hara zeinen erraza.

Unibertsitateaz kanpoko gazteei zuzendutako «Don’t be Dummy» programan parte har dezaketen bideo eta audio edukien bila ari gara. 13. atalean azaldutako sariez gain, zure produktua gustuko badugu, programa horretan sartuko dugu, horren parte izan dadin.

a)    Bideoan: Bide-arriskuko egoerak islatzen dituzten sormenezko istorioak eta horiei aurre egiteko proposamenak.

b)    Audioan: Mezu txikiak, argiak eta laburrak. Jasotako audioak Dummy-ren ahotan jarriko ditugu eta bideo-mezuak sortuko ditugu.

Bai bideoek bai audioek, euren azalpenen bidez, segurtasunez gidatzearen eta lekualdatzeko aukera seguruak erabiltzearen sustapena egiten lagundu behar dute. Edonola ere, lan guztiek honako hauek bete beharko dituzte:

  • Originalak eta sortzaileak izatea.
  • Hartzaileentzat egokia den hizkuntza erabiltzea.
  • «Zuk ez duzu ordezkorik» mezua bultzatzea.

Blog atalean iazko lehiaketan aurkeztutako lanak ikus daitezke

Lehiaketak bi fase ditu:

a)      Bideo-modalitatea. Kategoria honetako lanak norbanakoak edo ikastetxeak aurkez ditzake.

b)      Audio-modalitatea (Jarri ahotsa Dummyri). Modalitate honetako lanak bakarkakoak izan behar dira.

a)      Originaltasuna mezuak adierazteko moduan.

b)      Koherentzia proposamenaren eta Zuk ez duzu ordezkorik ikuspegiaren artean.

c)       Proposamenaren ikuspuntua eta tonua: tonu baikorreko azalpenak, umorea...

Nahi bestetan parte har daiteke, baina betiere proiektu desberdinak aurkeztuta. Kontutan izan ere partaide bakoitzak ezingo duela sari bat baino gehiago eskuratu. Bi sari irabazteko aukera bakarra epaimahaiak saritzeaz gain internet bidez botu gehien lortzea da.

Bideo modalitatea:

a)  Ikastetxeen kategoria: Euskal Autonomia Erkidegoko zentroak 1998 eta 2003 urte bitartean dituzten ikasleekin, urte biak barne.

b)  Bakarkako kategoria: Euskal Autonomia Erkidegon bizi edo ikasten duten 1998 eta 2003 urte bitartean jaiotako gazteak, urte biak barne.

Audio modalitatea:

a)  Bakarkako kategoria: Euskal Autonomia Erkidegoan bizi edo ikasten duten 1998 eta 2003 urte bitartean jaiotako gazteak, urte biak barne.

 

Bakarkako kategorietan

a)  Izena ematean, parte-hartzailearen datu hauek adieraziko dira: izen-abizenak, helbide elektronikoa, jaioteguna, udalerria eta lurraldea.

b)  Adingabeko parte-hartzaileak aita, ama edo legezko tutoreari lotuta egon behar dira, eta horiek parte hartzea baimendu eta lehiaketaren arauak irakurri eta onartu beharko dituzte. Halaber, euren izen-abizenak, helbide elektronikoa eta telefono-zenbakia adierazi beharko dituzte.

c) Goiko a) eta b) ataletan eskatutako daturen bat falta bada, ez du lehiaketan parte hartuko. Emandako datu guztiak egiazkoak izan beharko dira. Pertsonaren bat datu faltsuekin erregistratzen bada, parte-hartzea ez da kontuan hartuko eta ez du saririk irabazteko aukerarik izango.

 

Ikastetxearen kategorian

a)  Izena ematean, ikastetxea ordezkatzen duen parte-hartzailearen datu hauek adieraziko dira: izen-abizenak, helbide elektronikoa, udalerria eta lurraldea.

Formatua:

Proiektu guztiak formatu digitalean aurkeztu beharko dira, plataforma honetan: www.trafikoa.dontbedummy.eus.

  • Bideo-modalitatea:
    • Onartutako formatuak: MP4, AVI edo MOV.
    • Gehienezko pisua: 300 Mb.
    • Gehienezko iraupena: hiru minutu, kredituak barne.
  • Audio-modalitatea (Jarri ahotsa Dummyri):

    • Onartutako formatuak: MP3, M4A.
    • Gehienezko pisua: 20 Mb.
    • Gehieneko iraupena: bi minutu.

Edozein arte-adierazpen onartuko da, betiere eskatutako formatuan erregistratzen bada (poemak, bertsoak, bideoklipak, animazioak, film laburrak, koreagrafiak, dantzak, kantak, lipdubak, flashmobak, performanceak, fotomuntaketak...).

Koherentzia:

Lanak lehiaketaren helburuekin bat etorri behar dira, hau da: trafiko-istripuak prebenitzearekin eta mugikortasun seguru eta jasangarria sustatzearekin. Proposamenaren edukiak helburuekin zerikusirik ez badu edo horiek lortzearen kontrakoa edo kalterako bada, lehiaketaren antolakuntzak ez du onartuko. Erabakia posta elektroniko bitartez jakinaraziko zaie parte-hartzaileei.

Originaltasuna:

Proposamenak originalak izan behar dira, eta ez dira onartuko plagioak badira, hirugarrenei usurpatu bazaizkie edo beste lan batzuen kopiak badira.

Hizkuntza-irizpideak:

Lanak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahalko dira.

Musika eta irudiak erabiltzea:

Egile-eskubiderik ez dutenak erabiltzea gomendatzen da (copyleft lizentziadunak edo norberak sortuak). Egile-eskubideak dituzten kantak edo irudiak erabiliz gero, parte-hartzaileak beregain hartzen du lana igotzeko plataformak edo egile-eskubideak dituenak haren kontrako neurriak hartzeko arriskua. Halaber, moduren batean jabetza intelektualaren araudia urratzen dela egiaztatuko balitz, antolakuntzak ez onartzea aztertuko du.

Galarazpenak:

Lanak...

  • Ezingo dira iraingarriak izan.
  • Ezingo dira marka komertzialekin batera agertu.
  • Ezingo dute arrisku- edo ausarkeria-egoerarik bultzatu.
  • Ezingo dira legeen edo ordena publikoaren kontrakoak izan.

 a)     www.trafikoa.dontbedummy.eus orriko «parte hartu» leihoan aurkituko duzun inprimakia bete, lehiaketaren oinarriak onartu eta kontu bat sortu. Inprimakia bete ondoren, mezu bat agertuko da izena behar bezala eman duzula berresteko.

 b)   Lana igo (bideoa edo audioa) web-orrian gaitutako tresnen bidez.

 c)   Lana entregatu ondoren, lehiaketaren idazkaritza teknikoak oinarri hauetan bildutako betebehar guztiak betetzen direla egiaztatuko du.

 d)   Hori egiaztatu ondoren, lehiaketaren idazkaritza teknikoak mezua igorriko du inprimakian adierazitako helbide elektronikora, eta lana onartu den ala ez jakinaraziko du. Onartutako lanak www.trafikoa.dontbedummy.eus web-orrian egongo dira ikusgai.

 e)  Lehiaketan aurkeztutako lanak  www.trafikoa.dontbedummy.eus plataforman bozkatu ahalko dira.

«Zuk ez duzu ordezkorik» lehiaketak fase hauek izango ditu:

  • Izena ematea eta parte hartzea: 2018ko Azaroaren 8tik 2019ko martxoaren 28ra.
  • Online bozketa: 2019ko Martxoaren 29tik apirilaren 4ra.
  • Epaimahaiaren balioespena: 2019ko apirilaren 5a.
  • Irabazleak iragartzea: 2019ko apirilaren 8a.
  • Sari-banaketa: 2019ko apirilaren 12a.

Bideoak ikusgai egongo dira, idazkaritza teknikoak adierazitako betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duten unetik aurrera. Hala ere, lehiaketara aurkezteko epea amaitutakoan bakarrik bozkatu ahalko dira lanak.

2019ko apirialren 8an lehiaketaren irabazleen berri emango da. Horiei, aitaren, amaren edo legezko tutorearen helbide elektronikoaren eta zenbakiaren bidez jakinaraziko zaie adingabeak diren kasuetan. Jakinarazpenaren unetik aurrera, irabazle bakoitzak hiru egun baliodun izango ditu saria onartzeko. Irabazlearekin harremanetan jartzeko aukerarik egongo ez balitz edo irabazleak sariari uko egingo balio, Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak lehiaketa huts deklaratu eta saria askatasunez xedatu ahalko du. Irabazleak izena ematean adierazitako datuen egiazkotasuna frogatu ezin badu, saria jasotzeko eskubidea galduko du. Irabazleek gutxienez datu hauen egiazkotasuna frogatu beharko dute: izenarena, abizenena, adinarena, eta legezko bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan izatearena. Oinarri hauetan ezarritako parte hartzeko betekizunak guztiz betetzen dituzten pertsona fisikoek bakarrik jaso ahalko dituzte sariak.

Sari-banaketa 2019ko apirilaren 12an egingo da. Trafiko Zuzendaritzak aukera du eguna aldatzeko, eta, kasu horretan, saridunei aurretiaz jakinaraziko zaie data berria.

Bozkatu ahal izateko izena eman beharko duzu posta elektroniko bidez. Modalitate bakoitzeko (bideoa eta audioa) hiru lan bozkatu ahalko dituzu. Modalitate bakoitzeko lanei 1, 2 edo 3 puntu eman ahalko dizkiezu.

  • Bideo-modalitatea:
    • 1. Kategoria: Banakako partaidetza.
      • Lehendabiziko sailkatua:
        • 500 €.
        • Garraio publikorako 200€tako bonoa.
      • Bigarren sailkatua:
        • BTT bizikleta eta kasko homologatua.
        • Garraio publikorako 100€tako bonoa.
    • 2. kategoria: Ikastetxeak.
      • Lehendabiziko sailkatua:
        • 1000 € ikastetxearentzat.
      • Bigarren sailkatua:
        • 500 € ikastetxearentzat.
    • Kategoria bi hauetan inskribatutako lan guztiek hurrengo sariak lortzeko aukera izango dute ere:
      • Ikusentzunezko lan onena:
        • 400 €.
      • Interneten boto gehien jaso dituen lana:
        • 200 €.
  • Audio-modalitatea (Jarri ahotsa Dummyri)
    • Kategoria bakarra
      • Lehendabiziko sailkatua:  BTT bizikleta eta kasko homologatua, eta garraio publikorako 200€tako bonoa.
      • Interneten boto gehien jaso dituen lana: Garraio publikorako 100€tako bonoa.

Nahi bestetan parte har daiteke, baina betiere proiektu desberdinak aurkeztuta. Kontutan izan ere partaide bakoitzak ezingo duela sari bat baino gehiago eskuratu. Bi sari irabazteko aukera bakarra epaimahaiak saritzeaz gain, internet bidez botu gehien lortzea da.

Horrez gain, sariren bat jaso duten pertsona guztiek Euskotren-eko aginte eta gestio guneetara bisita gidatua egin ahalko dute.

Sariak arau fiskalen menpean daude eta ezingo dira euren baliogatik dirutan aldatu.

a)    Epaimahaia honako hauek osatuko dute:

  • Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzaren bi ordezkarik.
  • Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko Komunikazio Zuzendaritzaren ordezkari batek.
  • Eusko Jaurlaritzaren Garraio Plangintzaren zuzendaritzaren ordezkari batek.
  • Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren ordezkari batek.

b)    Epaimahaiaren xedea bi modalitateetan aurkeztutako lanei buruz eztabaidatzea eta proiektu irabazleak hautatzea izango da, 6. oinarrian adierazitako balioespen-irizpideen arabera.

c)     Epaimahaiaren erabakiak apelaezinak dira.

Parte hartzeak oinarriak oso-osorik onartzea dakar, eta, hortaz, horiek onartzen ez direla adierazteak kanpo uztea eragingo du. Horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak ez du interesdunarekin hartutako betebeharra bete beharko. Irabazleak saria onartzean, sor daitezkeen gastu guztiak bere gain hartzen ditu, promozioan berariaz bildutakoak izan ezik. Halaber, bere gain hartzen du saria jasotzetik eta erabiltzetik sor daitekeen erantzukizuna. Ildo horretatik, irabazlea oinarri hauetan berariaz adierazten ez diren gastu guztien erantzulea izango da.

Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak edozein erabiltzaileren parte-hartzea kanporatzeko edo atxikitzeko eskubidea du, horrek lehiaketaren funtzionamendu normal eta arauzkoa iruzurtzen, aldatzen edo erabilezin bihurtzen badu. Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak, erabiltzaile guztiek baldintza berberekin, arauak errespetatuz eta fede onez lehiatzea nahi du. Horregatik, oinarri hauek gehiegikeriaz edo iruzur eginez erabiltzeak, parte-hartzailea kanporatzea ekarriko du.

Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak, ez du gainerako parte-hartzaileen kalterako lehiaketa manipulatzera bideratutako pirateria-egintzarik onartuko.

 Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak parte-hartzailea automatikoki kanporatuko du, mezu elektroniko baten bidez eta kanporatzeko arrazoiak azaltzea ez den betebehar gehiagorik gabe, hauetako susmoren bat badu:

 pertsona batek botoak trukatzeko plataformak erabiltzen dituela, profil faltsuak erabiltzen dituela, promozioa bere onurarako manipulatu duela edo hori manipulatzen saiatu dela.

Lehiaketarako bideoak eta kontakizunak sortu dituzten egileek, antolakuntzari lagako dizkiote lanak erreproduzitzeko, banatzeko eta komunikatzeko eskubideak, modu mugagabean eta ez-esklusiboan, mundu osorako. Halaber, horretarako, ez dute inolako mugarik izango, ez osorik ez zati batean, eta edozein bitarteko-motaren bidez agin ahalko dute, betiere irabazi-asmorik ez badute.

Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa («DBLO») betez, Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak parte-hartzaileei eta haien legezko ordezkariei jakinarazten die emandako datuak «Zuk ez duzu ordekorik» izeneko fitxategian gordeko direla, lehiaketako parte-hartzea eta sariak kudeatzeko helburuarekin, baita beharrezko harremana mantentzeko helburuarekin ere, bitarteko elektronikoak barne. Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna.

Parte-hartzaileek eta haien legezko ordezkariek, DBLOn ezarritako gaietan, haien datu pertsonaletan sartzeko, horiek zuzentzeko, ezeztatzeko eta aurka egiteko eskubideak baliatu ahalko dituzte; horretarako, Trafiko Zuzendaritzara jo beharko dute (helbidea: Donostia kalea 1 – 01010 Gasteiz).

Izena emandako pertsona bakoitzak berariaz baimentzen du Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritza, lehiaketaren antolatzailea, bere irudiak dauzkaten argazkiak eta gainerako ikus-entzunezko materiala doan bildu eta argitaratzeko, «Zuk ez duzu ordezkorik» lehiaketaren sari-banaketan edo lehiaketarekin lotutako beste edozein ekitalditan lortu badira. Material hori estatuko edozein komunikabidetan argitaratu ahalko du, denbora-mugarik gabe.

Baimen hori edozein unetan ezeztatu ahalko da, baina, hala badagokio, kalte-ordaina eman beharko da irudia kentzeak eragindako kalte eta galerengatik.

Halaber, baimena ematen du haren irudia duten bideoak doan argitaratzeko, osorik edo zati batean, «Zuk ez duzu ordezkorik» lehiaketan parte hartzearen ondorioz lortu badira. Bideoak mundu osoko edozein komunikabidetan argitaratu ahalko dira, denbora-mugarik gabe.

Ildo beretik, berariazko baimena ematen du haren datuak eta lehiaketan parte hartzearekin lotutako datuak (sailkapena, adibidez) estatuko edozein komunikabideren bidez argitaratzeko, mugarik gabe.

Lehiaketa honetako sariak gauzakoak eta ondare-irabaziak dira irabazlearentzat. Hortaz, irabazleek dagozkien zerga-betebeharrak bete beharko dituzte, sariak banatzeko unean indarrean dagoen PFEZaren Legeari eta Erregelamenduari jarraikiz.

Lehiaketa honetan parte hartzeak oinarri hauek onartzea eta betetzeko konpromisoa hartzea dakar. Antolakuntzak eskubidea du edozein unetan oinarriak aldatzeko.

Orduan, animatuko al zara gure lehiaketan parte hartzera?

Bete galdetegia eta erantsi zure audio- edo bideo-proposamena
Bidali zure proiektua!